ANIZTASUNA. AZKEN POSTA

Lauhileko honetan aniztasuna izan dugu guztiaren ardatz; aniztasuna eta eskola, hain zuzen ere. Horretarako, hainbat hitzaldi eta jardunaldietan parte hartu dugu, aniztasunarekiko dugun ikuspuntua zabaltzeko eta aberasteko helburuarekin.

Lauhilekoaren hasieran aniztasuna nola definituko genukeen galdetu ziguten eta, egia esan, nahiz eta jakin zer zen aniztasuna, ez nekien ongi nola azaldu kontzeptua. Gai zabal bat bezala ikusten nuen eta, beraz, oso zaila egin zitzaidan definizio zehatz batean azaltzea. Horretarako, egin ditugun dinamika guztiek honetan hausnartzen lagundu didate. 

Hasteko, argi geratu da mundu anitz batean bizi garela eta, beraz, gaur egungo errealitate bat dela. Aniztasuna eremu guztietan antzeman daiteke; adibidez, kulturan, erlijioan, arrazan, sexuan, gorputzetan, hizkuntzan, ohituretan, etab. Haur guztiak ezberdinak dira; hau da, norbera bakarra da eta, hortaz, bakoitzaren beharrak ere ezberdinak dira. Horregatik, ezinbestekoa izango dugu elkarrekin hazten eta hezten ikastea. 

Hala ere, dakigunez, gizarteak pisu handia du gugan. Era berean, gizarteak homogeneoa dena onartzen du eta ezberdina bezala jotzen den oro baztertu. Horrela, “desberdinak” diren pertsona horiek baztertzeko eta justizia sozialetik ateratzeko joera du. Modu honetan, gizarteak denak berdinak izateko hazten gaitu eta horrek gizarte estrukturaren kontrola eragiten du. Gainera, homogeneotasunak aniztasuna zapaltzearekin batera, bestearekiko aurreiritzi eta estereotipoak sortzen ditu. Guzti honen atzean interes hegemonikoak daude; azken finean, ezberdintasunak segurtasun eza ekartzen baitu. 

Guzti hau ikusirik; lehenik eta behin, ezinbestekoa izango da irakasle izango garen heinean, gaur egun bizi dugun errealitateaz ohartzea eta, bigarrenik, aniztasuna haurrekin txiki-txikitatik lantzea. Behin hortaz kontzientziaturik, aniztasuna lantzeko baliabideak ezagutu behar ditugu, eta horiek eskaini dizkigute lauhileko honetan. 

Horrela, artea aniztasuna lantzeko aukera paregabea delaz ohartu naiz. Haurrekin artea lantzea oso aberasgarria da, artearen bidez beraien sentimendu eta emozioak islatu ditzaketelako. Esate baterako, marrazkiak egiten dituztenean beraien bizitzan gertatzen ari dena islatu dezakete. Beraz, haurrak diren bezalakoak ezagutzeko aukera emango digute, ondoren haur bakoitzaren beharrak asetu eta erantzun egoki bat emateko.

Bestalde, ipuinak ere aniztasuna lantzeko baliagarriak direla ikusi dut, haurrei bakoitzak bizi duen egoera ezberdina dela ikustarazteaz gain, besteen lekuan jartzea ahalbidetzen baitie, eta modu berean, enpatia eta errespetua bezalako baloreak lantzen eta garatzen dituzte. Gainera, ipuinek ikasteko eta, aldi berean, disfrutatzeko balio dute. Azken finean, gaur egun gizartean inposatutako estereotipoekin apurtzeko eta berdintasuna lantzeko aukera bikainak dira. Gainera, irakasleok ezinbestekoa izango dugu transmititu nahi ditugun baloreak lantzeko egokiak diren ipuinak aukeratzea, horien baitan baitago haurrek ikasiko eta barneratuko dutena. 

Honez gain, transensualitatearen inguruan hausnartzeko aukera izan dugu ere. Jakina denez, haurrei sexualitatearen inguruan oso informazio gutxi eskaintzen diegu eta, horrela, txiki-txikitatik erakusten zaie zakila dutenak mutilak direla, eta bulba dutenak, berriz, neskak. Hori dela eta, haurrei sexu-identitatea jaiotzatik zehaztuta datorren ezaugarri bat dela irakasten zaie, nahiz eta gaur egun jakin hori ez dela horrela. Bestalde, argi eduki behar dugu sexu-identitatea ez dela gustu edo janzkerarekin islatzen den zerbait. Beraz, irakasleok haurrei nahi dutenarekin janzten eta jolasten utzi behar diegu, bakoitzaren gustu eta nahiak errespetatuz. 

Bestalde, eskola askotan ez daudela gaur egungo aniztasunari erantzuteko behar adina baliabide ikusi dut. Horrela, haur batzuk ezin izaten dute eskolaratuak izan, nahiz eta jakin haurren eskubidea dela hezkuntza bat jasotzea, UNESCOk dioen moduan. Hortaz, funtsezkoa izango da komunitate osoaren parte hartze eta inplikazioa, baita irakasleen prestakuntza eta etengabeko formazioa eta baliabide materialak edukitzea. Irakasleok egoera guztietarako prestatuak egon beharko dugu, eta egokitzapenak egiteko gaitasuna eduki beharko dugu.

Beraz, argi geratu da eskola inklusibo bat sortzea ezinbestekoa izango dela aniztasun honi erantzuna emateko. Horrela, segregaziotik inklusiora iristeko bidaia ezagutu dugu; hau da, segregaziotik integraziora, eta ondoren integraziotik inklusiora. Azken finean, integrazioak haur guztiak gela berdinean egotea ahalbidetzen du, baina hori ez da nahikoa aniztasunari aurre egiteko. Inklusioak, ordea, kultura ezberdinen arteko elkarbizitza lantzea sustatzen du. 

Azkenik, ondorioztatu dut gure esku dagoela etorkizuna, hau da, gure esku dagoela guztia aldatzea, gizarteak inposaturiko esteoreotipoekin haustea, gaur egun gizarteak aniztasuna ikusteko eraikita dituen ikuspegiekin apurtzea, aniztasuna zerbait aberasgarri moduan ikustea eta guztiok berdintasunean hezteko hautua egitea. Horretarako, ezinbestekoa izango da komunitate guztiaren inplikazioa zein parte hartzea. Era berean, ezinbestekoa izango da hezkuntzan inklusioa sustatzea, denontzako eskola bat sortuz eta haur guztiak kontuan hartu eta gizarteko kide bihurtuz. Horrela, modu inklusiboan jokatzeko etengabe eraldatzen, deseraikitzen, moldatzen, birmoldatzen eta eraikitzen joan beharko dugu. Pertsona bakoitza bakarra da eta horregatik, ezinbestekoa da bakoitza den bezalakoa onartzea. Guztiok bide berean bagoaz, lortu nahi ditugun helburuak betetzea errazagoa izango da. Beraz, ireki ditzagun begiak eta gozatu inguratzen gaituen aniztasunaz!

Imagen relacionada

Comentarios

Entradas populares